HISTORIA

IRRATIKO HASTAPENAK

1995ean jaio zen Ttan Ttakun irratiaren proiektua, Egiako Gazte Lokalaren irekieraren urte eta leku berdinean. Hasiera batean Egiako Gazte Lokaleko parte izateko sortu zen, bertaratzen ziren gazteek tailer modura erabil zezaten.

1996ean eskeintza auzora zabaltzea pentsatu zen, auzoko zenbait lagun parte hartzera animatu zelarik. Bildu zen lagun talde berriak programazio bat osatu eta irratia kaleratu zuen, auzoko jendea informatuz eta irratiari buruzkoak zabalduz entzuleak lortzeko asmoz. Garai hartan irratia Egia auzoan bakarrik zegoen entzungai.

1997ean Donostia osora zabaltzea pentsatu zen irrati seinalea FM-ko 106.8-an finkatuz. Egin beharreko lanak egin ondoren eta nahiz eta inguruko auzoetara seinalea ondo iritsi (Gros, Erdialdea etab.) denborarekin ikusten da seinalea ez dela Donostiko bazter guztietara behar bezala iristen eta hemendik aurrerako borroka izango da xede hori lortzea. Horretarako Donostiako mendiren batean (Ulia, Igeldo) errepikagailu bat jartzea seinalearen eremua handitzeko ikusten zen irtenbidea, baina Udaletxeak bata bestearen atzetik egindako eskaeraei ez zien jaramonik egingo. 1998an programazio berria finkatzen da eta geroz eta jende gehio biltzen da Donostiako Irrati Euskaldun Libre baten proiektuaren inguruan. Hurrengo urteetan zehar adin eta gustu musikal desberdinetako jendea pasako da irratitik mota desberdinetako irratsaioak burutuz, bakoitzaren iraupena ere desberdina izango delarik.

Azken urteetan ekipamendu berriak (mikroak, soinuaren kalitatea hobetzeko aparatuak etab.) eta hein haundian ere ordenagailuak posible egin du irratiaren kalitatea hobetzea eta programazio osatuago bat eskeini ahal izatea.

2005.-an irratiaren entzute eremua zabaltzeko helburua lortzen da, gure aldetik Ulian errepepikagailu bat jartzea lortzen dugu eta modu honetan irratia Donostiko bazter guztietan (zulo beltz baten bat izan ezik) eta baita inguruetako herrietara (Hernani,Zarautz etab.) seinalea iristen delarik gaur egun.

Gaur egun 10 bat irratsaio osatzen dugu irratiko PROGRAMAZIOA, hauen artean magazineak, sukaldaritza, teknologia berriak,  musika estilo konkretu bateri eskeinitakoak (jazz, metal, elektronikoa) etab. Eta bakoitzaren errepikapenak aurkitu ditzazkegu eta hauekin batera estilo edo sailkapen desberdineko musika tarteak (punk, euskal-folk, klasikoak, berrikuntzak etab.)

Internet komunikabide txikientzako eskeintzen dituen aukerak baliatuz ere webgunea aspalditik izan dugu martxan, gaur egun irakurtzen ari zaren honetara iritsi arte, espero dugu zuen gustokoa izatea irratiaren jarduerez informatuak egoteko eta zuen partaidetzarekin irrati xume hau egunetik egunera hobea izatea posible egin ahal izateko.

TXOMINEKO JAIAK, ETAB.

Porrontxoko jaietan urte askotan zehar parte hartu ondoren, beste auzo batera zuzendu genuen txosna eta jai giroa jartzeko asmoa: Txominera (Loiola ondoko auzo txikia).   Festa hauek Irailaren hasieran ospatzen dira eta nahiz eta oso jendetsuak ez izan, urtetik urtera irratiak antolatu dituen kontzertuek jendea erakarri eta giro polita jarri dute festen gune alternatibo batean. 2007an hasi ginen auzo honetan txozna eta kontzertuak antolatuz, ostiralean Rock musika nagusi izaten da eta larunbatean berriz, Rap eta Reggae doinuak.

Urtean zehar ere festa batzuk antolatu izan ditugu lokal desberdinetan: Trintxerpeko Mongambon Rock Gaua, urte zaharrean Loiolako Gaztetxean Punkilloia,…

Donostian festa haundia den San Tomas egunean ere postua jarri izan dugu azken urtetan, lehendabiziko aldian Trinitate plazaren sarreran izan ginen, ta azken bi-hiru urteetan groseko Txofre enparantzan izan gera, txistorra frijitzen.

IRRATIAREN URTEROKO FESTA

Honez gain dagoeneko 9 aldiz antolatu dugu (2012ko Urtarrilean azkena) irratiaren festa Egiako Gasteszena aretoan (Egiako Kultur Etxeko kontzertu aretoa). Jaialdi hauek urtearen azken eta lehenengo hilabetearen artean ospatu ditugu (Abenduan bat eta Urtarrilean beste zortziak).  Jarraiko 9 urteetan zehar ospatu den festa honen helburuak dira: batetik Donostian Irrati Libre bat  guztion zerbitzura dagoela ozen aldarrikatzea, bestetik gure estiloan festa mundial bat antolatzea kultur etxeko bi aretoetaz baliatuz bi giro desberdin eskeiniz: Punk eta Rock´n Roll batetik eta Reggae, Funky edota doinu Elektroniko dantzagarriak bestetik; eta azkenik baita ere dirua lortzea; irratiaren biziraupenerako gastuak ordaintzeko diru sarrera garrantzitsu bat izanik.

Festa hau urtetik urtera hazitzen joan da eta arrakasta itzela lortu du, azken urteetan aretoaren aforoa lehen orduetarako bete dugularik.

Beraz garaiz ibili eta ez galdu aurten ere Ttan Ttakun Donostiako Irrati Euskaldun Librea festa mundiala ospatuko baitu!!!

2012an  irrati seinalea FM-ko 107.2-an finkatu da.

  • IRRATIA ZUZENEAN


  • Administratu